XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hartshorne eta Mayk ez zuten portaera determina dezakeen inolako adiurre- edo zuzentasun-faktore unibertsalik aurkitu; Kohlbergek, berriz, juzgatzea eta jokatzea elkarri estu lotuta ikusten ditu. Jokabide moralerako eta beroni dagokion hausnarketarako bi ikerlari horiek definitu zituzten neurtze-irizpideak erlatiboak dira kulturaren ikuspegitik Kohlbergen iritziz, unibertsaltasunean eta printzipioetan txertaturik ez dagoen bertute multzo bat baino ez direlako.

Ez ziren konturatu, nonbait, ekintza baten zuzentasunari buruz gizabanakoak egiten duen juzkua ezinbesteko baldintza dela lotura hori (juzkuak-ekintzak) ulertu ahal izateko.

Kohlbergen ustez, gainera, ekintza baten egokitasuna interes pertsonalen menpetik kanpo epai daiteke. Ekintza baten oinarrian dauden arauak elkarri kontrajartzen zaizkionean, goragoko printzipio batetik epaitu behar da ekintza hori; adibidez: pertsonenganako benerazio printzipiotik (Kant), edo ongizatea ahalik eta gizaki gehienentzat proposatzen duen printzipiotik (Mill).

Horixe da zuzena eta egokia zer den erabakitzea ahalbide dezakeen prozedura bakarra. Maila postkonbentzionaletako pertsonak ados egoten dira, sarritan, ekintzen inguruko erabakiak hartzerakoan, maila horietako pertsonek ikuspuntu unibertsal eta guztiz alderanzgarri batetik epaitzen dituztelako ekintzak.

Kohlbergek uste du, halaber, jokabide morala ondoko faktore hauetako bati lotuta dagoela: a) arau bat betetzeari, b) ekintzako protagonistaren asmoari, edo c) ongizaterako ondorioei (pertzeptzioak, interesak edo sentimenduek determinatutako ondorioei).

Kohlbergek azpimarratu zuenez, Kanten ikuspegitik ekintza asmoagatik (edo beraren atzean dagoen printzipioagatik) soilik epai daiteke, ez aurreikusten diren ondorioengatik. Printzipio unibertsalek asmoak neur ditzakete, baina ez norberak bere ekintzen ondorioak ondo baloratzeko izan dezakeen gaitasuna.

Nolanahi ere: Kohlbergentzat ere praxia da moraltasunaren azken irizpidea. Erabakiak hartzera behartzen duten egoera moraletan ezin aurreikus daiteke pertsonek nola jokatuko duten, pertsona horiek erreferentziatzat hartzen dituzten printzipioak ezagunak izanik ere.

Hori horrela izanik, jokabidearen genesian mailen arabera osatutako juzgatze morala baino zerbait gehiagok egon behar du. Horregatik eransten dio Kohlbergek (Blasi-k bezala, kapitulu honetan bildu dugun idazkian irakur daitekeenez) erantzukizun-juzku bat zuzentasunari buruzko juzku deontologikoari.

Erantzunkizun-juzku hori pertsonen nortasun moralari lotuta dago, eta, horrenbestez, aukerako jokabideen eta norberarekiko sentipenaren arteko adostasunarekin zerikusia du. Kohlbergen lanaren dimentsio horrek garrantzia irabazi zuen seguraski orientazio moral desberdinei buruz Gilliganek plazaratu zuen tesiarekiko lehiaren ondorioz (ikus 9. kapitulua).